Opera 2001 konpainiak taularatuko du Giuseppe Verdi konpositore italiarraren obra, eta nazioarteko hainbat artistak hartuko du parte. 20:00etan izango da Arrasateko emanaldia, eta Ozenki elkartearen eskutik dator.
Ekoizpen hori aurki estreinatuko dute Valentzian Opera 2001ekoek, eta horrela, otsaila eta martxoa bitartean Espainiako eta Frantziako estatuetako hiriburu eta hiri garrantzitsu askotatik pasako den bira bat hasiko dute; bira horren baitan, Arrasatetik ere pasatuko dira.
Protagonistak
Plevengo (Bulgaria) orkestra sinfonikoa izango da operari musika jartzeaz arduratuko dena, Martin Maziken zuzendaritzapean. Verdiren istorioko protagonista nagusiak interpretatuko dituzten aktore-abeslariak, berriz, honako hauek izango dira: Rigolettoren papera Giulio Boschetti baritonoak beteko du; Gildarena Sonia Bellusik (sopranoa); Mantuako Dukearena David Bañosek (tenorea), Monteronerena Tihomir Androlovek (baritonoa) eta Maddalenarena Liliana Matteik (mezzo-sopranoa).
Sarrerak non eskuratu
Rigoletto opera Arrasaten ikusteko sarreren prezioa 30 euro da, eta Amaia Udal Antzokiko leihatilan, Kutxabanken, Arrasateko Udalaren webgunean edota Ozenki elkartearen posta elektronikora idatzita eros daitezke: ozenkielkartea@hotmail.es. Aipatu bezala, etzitik aurrera izango da sarrerak eskuratzeko aukera.