Mondrako harrobiko gaztetxoek ahaztuko ez duten txapelketa jokatu zuten domekan Mojategin. Eta aldi berean, Mondrako zuzendaritzako ordezkari izandako Txelis-i merezitako omenaldia eskaini zioten, torneoa bera irabazita. Ez zen erraza izan, 24 talderen artean nabarmentzea ez da broma. Hala, lehenengo ordutik hasita berdegunean izan ziren Mondrako bi talde, Real Sociedad, UDAko bi talde, Bergara, Zumaiako, Amaika Bat, Behobia, Lagun Onak, Aloña Mendi, Elgoibar, Zarautz, Hernani, Pasaia, Urki, Urola, Beti Ona, Bermeo, Gernika, Iurretako eta Amorebieta.
Realeko jokalari Mikel Gonzalezek izan zuen Mondrako jokalariei txapeldunen garaikurra emateko ardura.
Hala, zuri-moreak goizean goizetik partiduak irabazita iritsi ziren finalera. Azken partidu erabakigarrian Bermeoko taldea zeukaten zain, eta 1-1ekoa izan zen emaitza –Julen Gomez izan zen etxekoen golegilea–. Hala, penaltietan erabaki zuten finala, eta hor, Mondrakoak trebeago ibili ziren.
Udaleko ordezkari Ander Garai, bigarren sailkatuei garaikurra ematen.
Hirugarren, ostera, Amorebieta sailkatu zen, Urolari irabazi ostean, eta Txelis torneoko jokalaririk onenaren saria Xabat Otxandiano arrasatearrak jaso zuen.