Arrasateko atletismoaren historian inork ez du zazpi metroko luzera saltorik egin, orain arte. Izan ere, Iñigo Uribarrenek 31 zentimetrotan hobetu du Arrasateko errekorren liburuek jasota zuten azkeneko marka (6.87), eta horrenbeste errekorren testigu izan zen Fernando Zufiriak bertatik bertara jarraitu ahal izan zuen Uribarrenen salto ederra Anoetan: "Ez zen kasualitatea izan, auretik egin zuen ahaleginean 7,17ko marka egin zuelako. Izugarri poztu nintzen, zorionak Uribarreni eta haren entrenatzaile Mikel Uribesalgori".
Ez zen nabarmendu zen atleta bakarra izan, Ibai Fernandez gazteak oso lan ona egin zuelako 60 metroko lasterketan (7.15) –148 atleten artean Fernandezena eguneko bigarren marka onena izan zen, eta Espainiako Txapelketako gutxieneko marka aise gainditu zuen (7.33).
Eneko Carrascalek ere gutxieneko marka gainditzea lortu zuen, baina Carrascal salto hirukoitzeko espezialista da –Espainiako onenetakoa bere kategorian– eta Federazioak Murtzian egingo duen kontzentrazioan hartuko du esku, aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Beste marka batzuk, Arrasateko atletenak:
- Ibai Fernandez 7.15
- Iñigo Uribarren 7.30
- Eneko Carrascal 7.33
- David Garcia 7.60
- Mikel Velasco 7.90
- Ibai Gonzalez 8.26
- Uxue Bengoetxea 8.66
Luzera saltoan:
- Iñigo Uribarren 7.18 metro
- Eneko Carrascal 6.43 metro
Pertika saltoan:
- Joanathan Perez 4.80 metro
- Istar Dapena 4.70 metro