Telebistetan ohikoak diren naturari buruzko dokumentalen itxura du dagoeneko zilarrezko ezteiak beteta dituen taldearen azkeneko ikuskizunak. Betiko moduan, oraingoan ere, musika eta umorea dituzte kontakizunerako osagai bakarrak; ez dute teknologia berriak erabiltzeko beharrik ikusten ikusleak barrez lehertarazteko.
Musika bidelagun, munduan zehar bidaiatzeko proposamena egiten diete ikusleei. "Afrika basatia eta misteriotsuraino helduko gara; antzinako Txinan izango gara; Italia erromantikoan murgilduko gara eta ilargia zapalduko dugu. Gurekin bizi diren baina apenas ezagutzen ditugun animalia-espezie bateko lau lagun dira protagonistak. Lehorte gogorrari aurre egiteko agertoki berrien bila ari dira", azaldu dute musikariek.
Mikel Urrezti kide berria
Loyola Garmendiak, Eduardo Errodonsorok, Manuel Romanok eta Kike Otxoak osatu dute 25 urtean Golden Apple Quartet taldea. Ikuskizun berriarekin, baina, Mikel Urreztik beteko du aurrerantzean Kike Otxoak utzi duen hutsunea.