Aurten ere kalejiran zehar banatuko diren gozokiak zeliakoek ere jan ahalko dituzte, eta umeen eskaerak batzeko urteroko laguntzaile bereziak izango ditu ikazkin maitatuenak: Txoronpia eta Txoronpio. Eta eurekin batera Basandere ere egongo da aurten gutunak jasotzen; bihar, 11:40an, Munar, Uribe, San Andres, Zigorrola eta Santa Teresa auzoetan jasoko dituzte gutunok eta 13:15ean Seber Altube plazan egongo dira –eguraldi txarra bada, Uarkapera joango dira–. Aldez aurretik, abenduaren 19an, Herriko Plazan ibili ziren gutunak banatzen.
Basandere, basoko andere
Baina nor da aurtengo laguntzaile berria? Nor da Basandere? Honela deskribatzen dute Komisiñokoek: "Basoko anderea da. Altua da eta gizakiaren itxurako gorputza du, baina urrezko orrazi batekin apaintzen duen ilez estalita; ilea belaunetara heltzen zaio. Artaldeak zaindu eta babesten ditu Basanderek. Ekaitza datorrenean artzainek artaldea batu dezaten garrasi egiten du, eta otsoei ere ez die uzten inguratzen".
Txorbela, Harremanen alde
Bestalde, Harremanek antolatuta, abenduaren 30ean Txorbela otxoteak kontzertua eskainiko du Kulturaten, 19:00etan, Mozambikeko proiektuen gainean egongo den hitzaldiaren ostean. Abenduaren 31n ere kaleetan arituko dira kantuan (19:00). Egun berean eskainiko du Arrasate Musikalek urtea agurtzeko kontzertua, Amaia antzokian (13:00).