Ander Rodriguez eta Gotzon Elizburu EH Bilduko kongresurako hautagaiek mitina eskaini zuten atzo Arrasaten. Kulturateko Jokin Zaitegi aretoa lepo bete zen, eta kongresurako hautagaiek EH Bilduk "emakume eta gizon librez osaturiko herri berri bat" eraiki nahi duela azpimarratu zuten euren hitzaldietan.
Abenduaren 20ko hauteskundeetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak, eta EH Bildu Madrilera "zutik", joango dela, inoren aurrean "belauniko jarri gabe eta inoren menpeko izan gabe" adierazi du Ander Rodriguez hautagai arrasatearrak.
Gotzon Elizburu soraluzetarrak, bestalde, koalizioa "memoria oso eta inklusiboa" lortzearekin konprometitu dela azpimarratu zuen.
EH Bilduk Estatu espainiarrarekin haustura demokratikoa lortu nahi duela eta, abenduaren 20aren ondoren, koalizioko hautagaiek haustura hori lortzearen aldeko "konpromisoa" hartu dutela ere azaldu zuten Kulturaten.