Jakinekoa zen Ford Mugarriren eta Urdulizen arteko lehia oso gogorra eta parekatua izango zela. Sailkapenaren goialdean dauden bi talde direlako eta elkar oso ezagutzen dutelako. Hori guztiori agerian geratu da Iturripen. Bizkaitarren hobeto hartu diote neurria partiduari eta lehen zatia goitik behera menderatu dute: 3-5, 7-10 eta 9-15 (atsedena). Arrasatearrek zulo asko utzi dituzte atzean eta Urdulizek ondo baino hobeto aprobetxatu ditu.
Defentsa eta atezaina
Atsedenaldiaren ostean, lehiaren panorama oso bestelakoa izan da. Etxekoek hortzak estutu, eta apurka apurka, markagailuan hurbildu egin dira. 8-0ko partzialari esker lehia berdindu dute 15. minutuan (15-15). Hori gutxi ez, eta beste sei gol sartu dituzte. Urdulizek gol bakarra egin du 26. minututan. Lehia bukatzeko bost minutu geratzen zirenean 21-16 zegoen aurretik Ford Mugarri. Azken minutuak lasaiagoak izan dira arrasatearrendako.
Defentsako lanak eta Asier Valle atezainaren lana erabakigarriak izan dira markagailuari buelta emateko.
Aloña Mendiren taldeak
Euskadiko txapelketan diharduten Oñatiko bi taldeek (Izarraitz Aloña Mendik eta Aloña Mendik) aise irabazi dituzte euren norgehiagokak. Mutilek 41-29 menderatu dute Siglo XX taldea, eta neskek 34-9 Legazpiko La Salle.