Lehenengo gola Mikel Aizpuruak egin du, baloi luze bat ateari bizkarra emanda zegoela maisuki kontrolatu eta jaurtiketa indartsu bat egin ostean. 15. minututan inauguratu du aurrelariak gaurko partiduko markagailua eta bi minutura, Aizpurua berak eskuin hegaletik egindako barneraldi baten ostean erdiraketa egin du eta ederto aprobetxatu du Pavonek bigarrena egiteko. 2-0ekoarekin, erlaxatu baino, animatu egin dira etxekoak; Aizpurua atezainaren aurrean bakarrik geratu da eta Zumaiakoak ozta-ozta baloia gelditu badu ere, aldaratzeari erne zegoen Pavonek baloia sarera bultzatu besterik ez du egin behar izan.
20. minututik aurrera zerrajeroek baloia eta jokoa kontrolpean izan dute lehenengo zatian eta aukeraren bat edo beste izan arren ezin izan dute partidua itxi. Bigarren zatian, kanpokoak estutu egin dute eta hasieran Mondrak aukerak izan dituen arren, Zumaiako taldeko jokalariek buruko-min handia eman diete arrasatearrei batez ere azken 30 minutuetan. Zelai erdian egindako hanka sartze batzuen ondorioz kanpokoak erasoari ekin diote eta defentsan gogor aritu arren, arazoak izan dituzte, batez ere kornerretan. 3-1ekoa buruz egin dute Zumaiako jokalariek eta Mondrakoek kontraerasoan aukerak izan dituzten arren, partidua amaitzeko bi minutu faltan izan arte, ez dute 4-1ekoa egin. Azkenean hiru puntuak etxean geratu dira; gogotik sufritu ostean.