Ino Galparsororen aurkako "epaiketa politikoa" salatu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko abe. 4a, 13:52

Audientzia Nazionalean atzo hasi zen 04/08 prozesuaren epaiketaren harira, Ino Galparsorori eta gainerako 34 auzipetuei babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Arrasateko Herriko Plazan. Gaur, egubakoitza, da deklaratzekoa Galparsoro eta herritar talde bat Madrilera joan da Arrasateko alkate ohiari eta gainerako auzipetuei babesa adierazteko. 

Atzo hasitako epaiketan Fiskaltzak Batasuna, EHAK eta ANV/EAE alderdien bitartez ETAko kide izatea leporatzen diete 35 euskal herritarrei eta auzipetuak salatu dute oinarrizko eskubideak direla epaitzen ari direnak. Arrasaten sinadura bilketa abiatu dute eta Galparsororen eta gainerakoen absoluzioa eskatzeko zapi laranjak ere jarri dituzte salgai, herritarrek balkoietan eskegi ditzaten. 

(Argazkia: Sinadurak biltzeko kanpaina abiatu zuten atzoko elkarretaratzean)

2007tik 2011ra EAE-ANV-ko zinegotzia izan zen Yolanda Perez de Arenazaren arabera, "erabat antidemokratikoa" da atzo hasitako epaiketa: "Epaitzen dena azken finean da lan politikoa eta publikoa. Hori demokraziatik oso kanpo geratzen da".

 

Perez de Arenaza: "Buru gabe geratu ginen, erreferente gabe"

Eta gaineratu du maila pertsonalean "oso mingarria" zaiola Ino Galparsororen aurkako prozesua: "Pertsonalki oso-oso mingarria egiten zait. Garai hartan gure aukera politikoa gehiengoan zegoen eta sekulako ilusioarekin hasi ginen lanean. Baina garai hartan gauzak gogortu egin ziren eta mendeku politikan oinarrituz hasi ziren jendea auziperatzen. Garai hartan jende gutxi geunden lanerako eta buru gabe geratu ginen, alkate gabe, erreferente gabe. Besteok jarraitu behar izan genuen eta lortu genuen agintaldia amaitzea; uste dut, gainera, gauzak ondo egin genituela". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak