Azken segundura arte borrokatu arren, MUk ezin izan du garaipena lortu

Txomin Madina Milikua 2015eko azaroaren 29a

Josu Larreategiren mutilek 58-60 galdu zuten atzo Iturripen TAKE Tolosaren kontra jokatutako partidua.

Arrasatearrek lau laurdenetatik bitan puntu gehiago lortu arren, lehenengoan tolosarrek baino zortzi puntu gutxiago eskuratu zituzten, eta horrek baldintzatu zuen partidua Mikel Arejolaleiba MUko kapitainaren esanetan: "Talde fisiko baten kontra atzetik joatea zaila izaten da. Hasieran bigun ibili gara erasoan eta eurek erraz sartu dituzte puntuak. Lehenengo laurdenean etxean jokatuta zortzi puntu sartzea... Uste dut hortxe egon dela gakoa". Hirugarren laurdenean, gainera, epaileak Josu Larreategi entrenatzailea kanporatu zuen, eta ikusleek gogor kritikatu zuten partidu guztian zehar epaileen lana.