Euskararen Egunaren bueltan hainbat ekintza antolatu ditu Arrasateko Euskalgintzak eta lehena zapatuan bertan ospatuko da. Izan ere, Mojategira ere helduko da aurten Euskararen Eguneko aldarrikapena: Leintz Eskola Kiroleko gaztetxoek zozketak, musika eta euskal giroa izango dituzte goiz osoan zehar. Abenduaren 2an jarraituko du egitarauak: Euskal Harriaren ABDak izeneko film kolektiboa ikusteko aukera egongo da Kulturaten, 18:30ean.
Hezkuntza arloa eta kultura taldeak
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, bi ekitaldi izango dira. 11:30ean, herriko hezkuntza zentro guztietako –Arizmendi, Arrasate Herri Eskola, Arrasate Institutua, AEK, Udal Euskaltegia, HHI (EPA) eta MGEP– ikasleak eta irakasleak Herriko Plazan, Iturripen eta San Isidron elkartuko dira argazki erraldoiak ateratzeko; horretarako Artgazki elkartearen laguntza izango dute.
Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, herri osora zabalduko da gonbita herriko kultura taldeen bidez. Kalejira Seber Altubetik Herriko Plazara, soka dantza eta Altutik! bertso eskolakoen saioa izango dira. Amaitzeko, Euskararen Eguneko manifestua irakurriko dute.