Guztira hamalau postre aurkeztu dituzte gaur egin den Debagoieneko lehiaketan. Denetarik aurkitu zitekeen bertan: tartak, pastelak, pastak... batzuk tradizionalak eta beste batzuk, berriz, modu oso originalean aurkeztutakoak.
11:30ean jarri dituzte postre guztiak Seber Altubeko karpan ikusgai, eta eguraldiak lagundu ez duen arren, herritar ugari gerturatu dira bertara. Epaimahaia bi sukaldarik, gozogile batek eta Vitoriano Fuentes Arrasateko Udaleko zinegotziak osatu dute. Guztiak probatu ostean, erabaki dute Eider Iarzarena izan dela gozoena. Txokolate txuriz eginiko edalontzitxotan sagar-krema zeraman postrea egin du Iarzak. Bertako produktuez osatutako otar bat, bi pertsonarentzako afaria eta nekazal turismo batean egonaldia irabazi du.
Bigarren saria, berriz, Ion Morenoren eskuetara joan da. Hark Idiazabalgo kremaz betetako enborra sagarrarekin prestatu du. Otarra eta afaria eman diote sari moduan. Eta hirugarren saria Aicha El Kaoumek jaso du, datilez egindako marokoar pastei esker. Bertako produktuen otarra eraman du etxera El Kaoumek. Hala, hiru sariak Arrasaten bertan geratu dira.