Espainiako Gorteetarako Hausteskundeak 2015

Eva Abuin: "Desadostasun sakonak izanik, logikoa da Roberto Uriartek zuzendaritza utzi izana"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko aza. 13a, 15:27

Eva Abuin Arrasateko Herriko Plazan.

Podemosen sartu zen "eraldaketa sozialaren giltza" dela uste duelako eta bere pentsatzeko moduarekin "erabat" datorrelako bat. Horregatik lehen aldiz eman du Eva Abuinek (Arrasate, 1993) talde politiko baten sartzeko urratsa. Euskadiko Podemosen zuzendaritza berrian dago abenduaren 20ko hauteskundeetarako "bakarrik". Kanpainan, parte-hartzearen arloa koordinatzea izango da zinegotzi arrasatearraren ardura. 

Nola baloratzen duzu Euskadiko Podemosen gertatu dena? Baduzu harremanik Roberto Uriarterekin?

Nire iritziz logikoa da, desadostasunak sakonak izanik, orain arte idazkari nagusi izan denak zuzendaritza utzi izana. Hori bai, momentua ez da aproposena izan. Hala ere, ilusio handiko momentuak datoz eta gogor ekingo diogu. Roberto Uriarterekin izan dut harremana bai; foru hauteskundeetan eta zirkuluen asanblada batzuetan elkarrekin parte hartu genuen hainbat ekintzatan. 

Krisiak nola uste duzu eragingo duela gizartean? Eta botoetan?

Gizartea gogotsu ikusten dut datozen hauteskundeetarako eta ez dut uste eragin negatibo handirik izango duenik. Aldaketarekiko grina kalean sumatzen dugu eta horrek berdin jarraitzen duela esango nuke. Are gehiago, azken egun hauetan grina hori areagotzen doala sumatzen dugu.

Zein izango du zure eginbeharra behin-behineko zuzendaritzan? 

Gure betebeharrak kanpainako logistikara mugatzen dira. Helburu horren barruan nire eginkizuna izango da parte-hartze saila koordinatzea.  

Nola planteatuko duzue hauteskunde kanpaina EAE mailan? Eta Debagoienean? Eta Arrasaten? 

Hiritarren parte-hartzea sustatzen saiatuko gara, kanpaina ahalik eta gehien kalean bertan eginda. Herri bakoitzeko zirkuluak protagonista izatea bultzatuko dugu eta  eskualde mailan elkarlana izango dugu oinarri.

Arrasaten zinegotzi moduan jarraituko duzu?

Noski. Ahalegin guztiak egingo ditut zinegotzi moduan ditudan lanak eta kanpainarako eginbeharrak partekatzeko eta ahalik eta ondoen kudeatzeko. Gainera, ez nago bakarrik, nire udal taldeko kide Igor Urizarrek asko laguntzen dit. 

Pasatu dira bost hilabete zinegotzi kargua zin egin zenuenetik... Zer moduz joan dira hilabete hauek? 

Hasieran, dena berria dela kontuan izanik, zailtasun batzuk izan genituen. Poliki poliki dinamikak eta funtzionamenduak ezagutzen joan gara. Uste dut gure lana zentzu onez ari garela egiten. 

Zeintzuk dira zure lanak zinegotzi moduan? 

Udal Taldeko bozeramailea izateaz gain, hainbat batzordetako kide naiz: Euskara eta Kultura; OZMA [Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak]; Kirola, Gazteria, Berdintasuna eta Hezkuntza eta Merkataritza, Teknologia Berriak eta Turismoa. Batzorde horietan Baleikeren proposamenak egiteko aukera daukat. 

Gizarte Zerbitzuetako ardura du Baleikek. Zeintzuk dira batzorde horretan zehaztu dituzuen lehentasunak? 

Ardura eta zentzu handiarekin ari gara jokatzen, edo saiatzen ari gara behintzat. Proiektu ugari ditugu esku-artean laster abian jartzeko gertu egongo direnak. Gure lehentasunak dira gutxien duten horiei diru-laguntzak bermatzea, menpekotasun egoeran daudenei baliabideak erraztea eta zailtasunak dituzten adingabekoak zaintzea. Etorkizunerako, tokiko erakundeei gehiago laguntzea da gure erronketako bat. 

Zeintzuk dira, zure ustez, Arrasatek dituen premia nagusiak? 

Enpleguaren falta da arazo nagusia. Arrasatearren %14 enplegua aurki ezinda dabil eta ahalegin nagusiak horretara bideratu behar dira. Herritarren parte-hartzea sustatzeko formulak lortzea ere ezinbestekoa iruditzen zait, hainbat arazoren irtenbidea bertan aurkitu dezakegu. Gardentasunaren arloan ere aurrerapauso batzuk eman ditugu, baina bide luzea dugu oraindik egiteko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak