CNA Groupen esanetan, lehen urteurren hau “oso garrantzitsua zein berezia da” proiektua osatzen duten guztiendako. “Are bereziagoa oraindik, dedikazio eta gogo handiz lan egin duten eta proiektu berri honetan biziki inplikatu diren pertsona guztientzat”. Izan ere, enpresak gaineratzen duen moduan, “aipaturiko proiektu honetan, pertsonak -langileak, banatzaileak zein bezeroak- funtsezkoak izan dira”.
Azaroaren 21eko festa egunean, “esfortzu eta konfiantza hori” eskertu nahi ditu Fagor CNA Groupek.
Jolasak, kontzertuak, dastatzea…
Hainbat ataletan banatuta egongo da ospakizuna. Goizeko ekitaldiak langile eta senideentzat antolatu dituzte; horiek 10:30ean hasiko dira enpresaren aurkezpenarekin eta jarraian, fabrikara bisita gidatua egingo da. Haurrentzat ere hainbat ekintza daude aurreikusita, hala nola, ipuin kontalariak, magia eta gaileta tailerra. Goizeko jarduerak amaitzeko, lunch bat eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.
Antolatzaileek diotenez, “etapa berri honetan pertsonak izan dira eta izaten jarraitzen dute Fagorren ardatz eta lehentasun nagusia, horregatik, ospakizun honetan, guztien gozamenerako ekintzak antolatu nahi izan dituzte”. Horretarako, arratsaldean, Arrasateko plazan, herritarrek hainbat postu izango dituzte bertako produktuak erosi eta dastatu ahal izateko eta aisialdiaz eta kirol ekintzez gozatzeko. Egunari amaiera ezin hobea emateko, Live!Fagor jaialdia antolatu da; hau arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta Black Beauty, Galerna eta Zea Mays musika taldeen kontzertuak izango ditu.
Amaitzeko, Fagorrek herritar guztiak parte hartzera gonbidatu eta animatu ditu, "elkarrekin gozatzeko eta ospatzeko, ilusioz eta maitasunez antolatua izan den urteurren festaz".