Honako pieza hauek osatuko dute domekako kontzertuko erreportorioa: Alfredo Javaloyes-en El Abanico, Soutullo y Vert-en La leyenda del beso, J.Mejj-en The phantom of the opera, Naohiro Iwai-ren American Graphity eta A. Norwing-en El último Mohicano. Bandako tronboi-jole Mikel Muxikari eskainiko diote kontzertua: "Animo asko, Mikel!", adierazi dute.
Era berean, Arrasate Musikaleko txistulariek Aramaioko Gantzaga auzoko jaietan kontzertua eskainiko dute. Gantzagako elizan izango da kontzertua, 11:00etan hasita.
Aprendices eraikina jomuga
Agintaldiko proiektu estrategikoen artean dago Musika Etxea –Goikobalurekin batera– Aprendices eraikinean egokitzea. Azken osoko bilkuran onartu zen 20.000 euroko kreditu aldaketa, proiektua idaztera bideratua. Jaurlaritzako SPRIrena da eraikina baina alkatearen arabera, "aukera handiak" daude jabetza aldatu eta proiektua gauzatzeko.