"Lan pertsonala da honakoa, askotariko bizipen pertsonalak eta arlo profesionalekoak batu gura izan ditut: Jose Ramon Vitoriaren babesean musikagintzan nola hasi nintzen, nola egin nuen salto 1998. urtean maila profesionalera...; azken finean, bide horretan ikasi dudana laburbildu gura izan dut aukeratu ditudan piezen eta liburuxkaren bitartez. Nire bizitzako hiru etapatan banatu dut diskoa" kontatu du Urretxo musikariak.
Lana, kontzertu baten bitartez, Sopelako Kurtzio kultura etxean aurkeztuko dute, etzi, zapatua, 20:00etan.
Tronboi doinuak bakarrik ez
Samur entzuteko diskoa dela dio, musikari adituarentzako baino, publiko zabalarentzako egindakoa dela gaineratu du: "Tronboia da protagonista nagusia baina ez bakarra: sokazko instrumentuen doinuak daude, pianorenak ere bai eta baita txistuarenak ere. Aspaldiko lagunen eta lankideen laguntzarekin grabatu dut".
Emaitzarekin gustura dago Urretxo: "Lan koloretsua eta bizia geratu zaigu: tronboi doinuekin gutxitan entzuten diren pieza ezagunak daude, eta formatu ezberdinetan jasota gainera: biola eta tronboi duoak daude, sokazkoekin osatutako boskoteak ere bai...".