Denboraldiko partidurik borobilena egin du Mondrak (3-0)

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko aza. 7a, 19:30

Etxeko taldeak bi puntu garrantzitsu eskuratu ditu, Tolosaren atean, hiru gol sartuta. "Orain arteko partiduetan taldea oso ondo ondo ikusi dut, baina gaurkoan egiaztatu egin dut taldea oso egoera onean dagoela. Oreka handia dago taldean, eta, era berean, jokalarien artean konpetentzia sanoa ere bai. Edonor sar daiteke hamaikakoan. Orain arteko partidurik konpletoena izan da" kontatu du Mojategiko norgehiagoka bukatu berri Josu Zubiak, Arrasatekoen entrenatzaileak.

Lehenengo zatiaren amaieran, 45. minutuan, etxekoen aldeko penaltian sareratu du Mikel Aizpuruak lehenengo baloia. "Penalti argia izan da, txartel gorria atera du epaileak. Horrekin gauzak erraztu egin zaizkigu, baina egia esan, penaltia pitatu aurretik ere, taldea ondo zebilen jokatzen eta tolosarrak apenas hurbildu dira gure atera" kontatu du Zubiak eta zera gaineratu du: "Bigarren zatiari ere indarrez heldu diogu, abantailako golarekin gu, eta aurkariak, berriz, jokalari bat gutxiagorekin zegoen eta. Gure taldeak oso futbol ona egin du; esango nuke hurbiltzen ari garela talde honi atera gura diogun etekinera. Zorioneko sentitzen naiz ditudan jokalariekin". 

Bigarren zatian, etxekoek, bi gol gehiago

Bigarren zatiaren erdialdetik aurrera etorri dira etxekoen beste bi golak, Jokin Muxika eta Andoni Uribesalgoren eskutik, hurrenez hurren. "Gehiago ere izan zitezkeen, gol aukera asko izan ditugulako baina tira, pozik gaude; horiek, baloi geldituan, bi kornerretan, sartu ditugu".

Datorren astean, Azpeitiako Ikasberri taldearen zelaian izango dira, eta Mondrako entrenatzaileak dio ez dela partidu samurra izango: "Neurri txikiko zelaia da eta ondo ari dira azpeitiarrak jokatzen. Une honetan, gaur, zapatua, sailkapeneko gu lehenengo postuan gaude eta laugarrenean, berriz, eurak. Astean lanean jarraituko dugu eta irabazteko asmoarekin joango gara". 

Antzuolak, Bergarak eta Aretxabaletak, galdu

Maila berean, Erregional Preferentean, jokatzen dute Aretxabaletak, Antzuolak eta Bergarak. Zestoaren etxean 2-0 emaitzarekin galdu dute Bergarakoek; eta antzuolarrek, berriz, 3-2ko emaitzarekin amaitu dute Zumaiako Aita Mari zelaian.

Aretxabaletak, Ibarra zelaian hartu du sailkapeneko lehenengo postuan dagoen Amaikak bat taldea, etxekoen kalte, eta karanbolaz, Mondraren kalte ere, Amaika Bat taldeak eskuratu ditu hiru puntuak; honenestez, asteburu honetan ere, lehenengo postua berretsi dute.

Aloña Mendik eta UDAk, galdu 

Garaipenik ez asteburuan, Oñatiko eta Aretxabaletako talde nagusiek. Beti Gazteren etxean, Mastegin, 4-1 galdu dute oñatiarrek. Sailkapeneko 9.postuan dira; hurrengo asteburuan, sailkapenean atzerago dauden Orioko taldea hartuko dute etxean.

Pasaiaren Don Bosco zelaian jokatu dute aretxabaletarrek eta esku hutsik etorri dira horiek ere, 2-0 galduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak