Taldearen egoerari eta ezaugarriei ondo datorkien zarzuela askorik geratzen ez direla dio zuzendariak, eta hogeigarrenera heltzeko obrarik aurkituko duen kezka ere azaldu du, hala ere, hastapenetako ilusio berarekin jarduten duela dio. "Beti esan dut ez dudala zarzuela nigatik egiten, ikasleei eskaini ahal diegun onena delako baizik. Aukera perfektua da eskolan ikasitakoa praktikan jartzeko. Zarzuela gustatzen zait, bai; baina beste hainbat gauza ere bai. Urte bukaerarako bestelako ikuskizun bat prestatzen ari gara".
Maitasun istorioa, nola ez
Zarzuela guztiek dute antzerako kontakizuna: bestelako gaiak jorratzen badituzte ere, amodio kontuak dituzte oinarri. XX. mende hasierako Murtziako Algezares herrian dago kokatuta; Fuensanta Amabirjinaren erromeriaren bezperatan. Carola (Cristina Cubillo) neska gazte eta ederra da; eta haurtzaroko lagunak dituen Alegriasek (Enrike Altuna) eta Juan Francisco aberatsak (Joserra Mendizabal) gorteiatzen dute. Alegriasi, bere gaindiezineko lotsak ez dio uzten Carolari bere maitasuna adierazten; haren zoritxarrerako, Carolak Juan Franciscoren ezkontza eskaintzari baietza eman dio.
Obra originalari moldaketak
Bi orduko iraupena du- atsedenaldia barne- eta hiru zatitan banatutako ekinaldi bakarra du. "Ez da obra originala, abesbatzari protagonismo handiagoa ematea aldera, lau abesti gaineratu dizkiot, horien artean, Alma de Dios zarzuelako Cancion húngara; La leyenda del beso-ko La zambra eta Canción de Murcia, kantu herrikoia. Musika ezaugarriei dagokionez, jotek pisu handia dute eta aipatzekoak dira askotariko estiloetako dantzak ere; Debako Kulunka dantza taldea izango dugu aurten gurekin".
Sarrerak dagoeneko salgai
Astelehena ezkero eskura daitezke 18 eurotan, Arrasate.eus, Arrasateko Udalaren webgunean eta Amaia antzokiko leihatilan.
Goiena Klubekoek zozketan parte hartzeko aukera dute 688 69 00 07 zenbakira whatsapp-a bidalita: KLUBA Zarzuela [bazkidearen zenbakia] testuarekin. datozen asteetan, Arrasate Irratian ere zozkatuko dituzte sarrerak.