Joan den astean hasi zituzten Joma lantegi ohia botatzeko lanak, eta, aurreikuspenen arabera, datozen orduetan amaituko dituzte. Datorren astean hasiko dira hondakinak garbitzeko lanetan, eta hamabost egun iraungo dutela aurreikusten dute.
Proiektua lizitazio prozesuan dago orain; hau da, eraikiko diren bi pabiloi berrien exekuziorako enpresa esleitzeke dago. Proiektuaren ardura duen Baika Gestion enpresa sustatzaileak jakinarazi duenez, hainbat enpresari egin zaie eskaintza, eta orain, horien artean eskaintzarik onena eta proposamen tekniko osatuena zein den aztertzen ari dira.
Lur azpiko aparkalekuak
Lidl eta BM kateko supermerkatu berriak joango dira Joma zenak utzitako orubean. Lur azpiko aparkalekuak izango dituzte bi supermerkatuek, bata bestearen ondoan joango direnak. Baika Gestion enpresaren asmoa da lizitazio prozesua "ahalik eta lasterren" amaitzea, urtea amaitu aurretik obrak has daitezen: "Helburua da 2016ko abenduan irekitzea behin betiko bi supermerkatuak; hau da, ordurako biak martxan egotea espero dugu".
Bi supermerkatuek aparkalekuak izango dituzte kanpoan, Gipuzkoa etorbidean, eta supermerkatu bakoitzaren azpian lur azpiko aparkalekuak ere joango dira. Kanpokoak zein lur azpikoak kontuan hartuta, 201 aparkaleku aurreikusten ditu Baika Gestion enpresaren proiektuak. Gainera, pabiloiak aurrefabrikatutako hormigoiarekin eraikiko dituzte; gero, supermerkatu bakoitzaren asmoen araberakoa izango da eraikin barruko antolamendua.