Partidua hasi eta bost minutura sartu du lehenengo gola Mikel Aizpuruak eta lehen zatia kontrolpean izan dute arrasatearrek. Atzean baloia konfiantzaz mugitu dute eta ezustekoren bat izan duten arren, liderrak ez dio arazo handirik sortu defentsa zuri-moreari. Bigarren zatian jokoa erotu egin da momentu batzuetan eta aukera gehiago izan dituzte bi taldeek. Andoni Aizpuruak gol polita egin du, baloi luze bat bi defentsa artean ondo kontrolatu eta jaurtiketa indartsu bati esker. 2-0ekoa lortuta baina, atzean sartu dira arrasatearrak, gogor defendatzeko asmoz eta zelai erdian izan dituzten akats batzuen erruz, Soraluzekoek gol aukerak izan dituzte. Norgehiagoka amaitzear zegoela egin du gola liderrak, eta azken minutuetan tentsioa nabaria izan da; bisitariak gogor estutzen eta etxekoak ahal bezala emaitzari eusteko lanean.
Ostean Anton Losada entrenatzaile ohiari omenaldia egin diote berarekin urteetan zehar aldagela konpartitu duten jokalariek. Alde batetik Losadarekin gazte mailatan jokatutakoak, eta bestetik entrenatzaile laguntzaile lanetan egondakoak. Lagun arteko partiduari ekin aurretik oparia egin diete Losadaren familiakoei; jokalariek sinatutako kamiseta bat eta argazki batzuekin egindako koadroa. Mojategiko zelaian aspaldiko lagunak elkartu dira Losadaren omenez eta gozatu ederra hartu dute bai jokalariek baita zaleek ere.
Beste emaitza batzuk
Hirugarren Mailan
- Balsamaseda-Aretxabaleta: 5-1
Ohorezko Erregionalean
- Hernani-Aloña Mendi: 0-0
Erregional Preferentean
- Ilintxa-Antzuola: 0-2
- Beasain-Aretxabaleta: 4-1
- Zumaiako-Bergara: 0-0