Arrasateko familia baten zorra erosteagatik salaketa ipini diote funts putre bati

Leire Kortabarria 2015ko urr. 21a, 19:30

Hego Euskal Herrian eta estatuan lehenengo aldiz, zorra erosteagatik funts putre baten aurkako salaketa ipini diote. Debagoieneko Kaleratzeak Stop elkarteak egin du, Arrasateko familia baten kasutik abiatuta. Eguazten arratsaldean eman dute horren berri.

Debagoieneko eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak salatu duen kasua Kutxabank-ek familia baten mailegua funts putre bati saldu izanaren ondorioa da. Arrasateko familia batek, 2005. urtean, 26.000 euroko garajea erosteko 17.000 euroko mailegua eskatu zion Kutxabanki. Handik hiru urtera, bikotea lanik gabe geratzen da eta mailegua ordaintzeko zailtasunekin. 2010ean, garajea enkantera ateratzen da eta Kutxabankek bereganatzen du 6.000 eurotan.

Hala ere, Arrasateko familia horrek oraindik zor handia dauka; hain zuzen, kapitala amortizatu du, baina interesak, berankortasun interesak eta beste kontzeptu batzuengatik zor handia du. 2013an, oraindik 17.000 euro eskatzen dizkio Kutxabank-ek.

Urte bat eta gero, Arrasateko familia horrek jakinarazpen judizial bidez jakiten du Kutxabank-ek Irlandako funts putre bati saldu diola bere zorra, 255 eurorengatik. Legearen arabera, zordunak 9 egun ditu zor hori saldu den baldintza berean erosteko, baina kasu honetan ez zitzaion aukera hori eman.

Bestalde, mailegu kontratuak hiru abusu klausula zituela ere salatzen du plataformak. Kontratu hori funts putreak daukanez orain, salaketa berari ipini diote. Epaileak euren alde egiten badu, jurisprudentzia sortuko dela uste dute plataformakoek eta ondorioak egongo direla funts putreendako.

Salaketa banketxearen aurkakoa ez den arren, Kutxabank-en jarrera ere gogor salatu du Kaleratzeak Stop-ek. Hain zuzen, “joko zikina” leporatzen diote eta espero dute, sententzia kaltetuen aldekoa baldin bada, Kutxabank-ek bere jarrera zuzentzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak