Neurriak ezarri eta txakurren kontrola areagotzeko kanpaina abiatu du Udalak, diotenez, herritarren kexa ugari egon baita txakur asko ei dabilelako aske eta kaleetan gorotz ugari dagoelako. Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoen saileltik irail bukaeran kontzientzazio kanpaina bati ekin zioten eta orain, astelehenetik aurrera, kontrol neurriak areagotuko dituzte, zinegotziak "problematika serio" bezala hartzen duen gai honen aurrean.
Espazio publikoetan abereek uneoro lotuta joan behar dutela gogorarazten zaie herritarrei eta hala gune publikoak zein gune berdeak gorotzetatik garbi mantendu behar direla; "osasunarentzat kaltegarria delako, irudi txarra eman eta gainerako herritarrengan ondoeza eragiten duelako". Udal ordenantzan jasotzen denez eta arau-haustearen arabera, 30 eta 1.500 euro arteko zigorrak egongo dira baina Oscar Garcia argitzen du ez dela "diru bilketa grinaz egiten" baizik eta herritarrek arduratsu jokatzeko. Abisua ere egiten du azkenik Garciak, zehaztuz arriskutsuak litezkeen txakurrak lotuta eta muturrekoarekin eraman beharraz gain, erregistratuta egon eta lizentzia behar dutela.