Gure Esku Dagok egituratzearen beharra ikusi du, espontaneoki sortutako mugimendua gorpuzteko asmoz. Azken hilabeteetan egindako hausnarketaren ondorioz, Eskura txostena sortu dute; dokumentu honek Gure Esku Dago dinamikaren zoru komuna jorratzen du, hau da, edozein euskal herritar demokratak onar lezakeen planteamendua, edozein dela bere pentsamoldea. Horregatik, hitzak eta esaldiak apropos dira leunak, ahal den neurrian ertzik gabeak.
Urriaren 24rako eta 26rako deitu dituzten bileretako gogoeta sei edo zazpi laguneko talde txikitan egingo da, dinamizatzaile batek bideratuta. Ekarpenak jaso ostean, Gure Esku Dagok hurrengo urteetarako oinarri gisa erabiliko duen dokumentua prestatu eta batzar orokorrean bozkatuko da. Internetez parte hartzeko www.eskura.eus webgunea sortu dute.