"Azoka polita izango da. Sasoi honetan produktu asko egoten dira, eta udatik datozen azken arrastoez gain, udazkenekoak diren produktuak azokan egongo dira dagoeneko. Baserritarrek adierazi didatenez, sasoi honetan gure ortuetan aurkitu ahal dira kalabaza, porrua, azalorea, brokolia, eskarola, sagarra, intxaurra, patata, pikua, tipula gorria, baba, txorizoa, odolostea... eskaintza oso zabala izango da", dio Udaleko Enplegu eta Garapen Saileko teknikari Marga Garmendiak.
Iraileko azokan Lodosatik etorritako piper erreen postua ere egongo da biharko azokan: "Norberak erositako piperrak momentuan bertan erretzeko eta zuritzeko aukera egongo da. Bost minututan, azokatik bueltatxoa egiten den bitartean, gertu egoten da. Gurean asko estimatzen den produktua da; animatu eta eraman etxera azokan bertan erretako piper freskoa", gomendatu du Garmendiak.
Postu berriak
Zapatuko azokan 17 postu espero dituzte eta Garmendiak aurreratu duenez, posible da azken orduan besteren bat ere batzea. Arrasateko sei postu, Debagoieneko lau, beste eskualde batzuetako lau postu eta hiru postu berezi: baserrirako lanabesen postua, Jesus Romeroren pintxoen postua eta sukalderako tresnen postua.
Bi ekoizle berri izango dira, gainera: Gatzagatik eztiarekin etorriko den Iker Gabilondo eta Arrasateko Gesalibarko Atxabal baserritik etorriko den Xabi Tramon; haren produktu izarra sagar-zukua da: "Pozgarria da beti postu berriak izatea, beti dira ongi etorriak. Ea zer moduz saltzen duten eurek ere".