Bost hamarkada igaro eta gero, ziklo-kros lasterketa izango da abenduan Arrasaten

Xabier Urtzelai 2015ko urr. 15a, 15:34

Urteak dira –hamarkadak– Arrasaten ziklo-kros lasterketarik ez dagoena, baina aurtengo denboraldia hasi berri den honetan Arrasatek Euskadiko Txapelketa barruan lasterketa izango du, eta abenduaren 13an izango da. Hala, duela urte gutxi Oñatik hartu zion erreleboa Bergarari, eta orain Arrasate ere batuko da ziklo-krosera. 

Dorletako Amako lagunak dabiltza lasterketa antolatzeko lanetan, eta eguna zehaztuta badute ere lekua erabakitzeke dago oraindik: "Gure asmoa Garagartzan antolatzea zen, eta ideia horrekin hasi ginen abuztuan lanean", adierazi du Iñigo Azkaratek: "Garagartzan zirkuitu aparta egiteko aukera geneukan, plazan bertan hasita, baina hainbat baserritarren lursailak erabiltzea ezinbestekoa zen, eta ez dugu denen oniritzia jaso. Pena da, uste dugulako auzoarendako berarendako ere ona izango litzatekeela, baina dagoeneko hasi gara alternatibak bilatzen". 

Markulete edo Garaia 

Hala, aste barruan Dorletako Amako lagunak Markuleteko eta Garaia Berrikuntza Guneko lursailak aztertzen ibili dira: "Garagartzan egitea ezinezkoa bada, Markuleten ahaleginduko gara zirkuitua egiten. Ez da aurrekoa bezain leku aproposa, baina zirkuitu txukuna egin daiteke: herritik gertu dago, aparkalekuak ditugu, Iturripeko instalazioak ere gertu... Eta kanpotik datozenak ere Olandixoko tunelari esker berehala iritsiko dira zirkuitura. GPSarekin neurtzen ibili ginen martitzenean, eta 2.400 metro inguruko zirkuitua izango litzateke. Hori bai, orain lursail baten edo besteren jabeaz egin beharko dugu berba, eta ea arazorik ez diguten jartzen". Hala, antolatzaileek hirugarren aukera bat ere badute eskuartean, Garaia Berrikuntza Guneko lurretan egitea, baina aukeran Markulete aukeratuko lukete, baldin eta Garagartzako aukera erabat baztertzen baldin badute.

Abenduaren 20an Oñatin 

Arrasatekoaz batera Oñatin ere ziklo-kros lasterketa izango da abenduan, hain zuzen, Arrasatekoa egin eta astebete geroago. Oñatin Aloña Mendiko ziklismo saileko lagunek hainbat urte daramate lasterketa antolatzen, eta horrekin batera herrian hainbat txirrindulari dituzte, Arrikrutz Oñatiko Kobak taldean lehian. Bada, bihar, zapatua, egingo dute taldearen aurkezpena, 12:00etan Kultura Etxean.

Joan den astean hasi zuten (Orduñan) 18 lasterketa izango dituen Euskadiko Ziklo-kros Txapelketa. Tartean egongo diren lau proba Espainiako Koparako puntuagarriak izango dira, eta Euskadiko Txapelketa Legazpin izango da.   

1961ean Espainiako Txapelketa egon zen jokoan

Hamarkada asko egin behar dira atzera Arrasaten ziklo-krosaz berba egiteko. 1961ean, Uribarri inguruko lurretan Espainiako Txapelketa egon zen jokoan (25. edizioa). Antolatzaileek oso ibilbide gogorra prestatu zuten, %23ko pendiza zeukaten maldekin, eta egun hartan hotz galanta egin bazuen ere, irteeran batu ziren 38 ziklisten artean lehia ederra izan zen. Uribarriko eliza paretik pasatzen ziren ziklistak, handik Iturripera, eta Olandixoko malda gogorrei ere aurre egin behar izan zieten txirrindulariek, egun Ikerlan enpresa dagoen inguruetatik ibili ziren.    

Garaipenerako faborito nagusiak Anton Barrutia eta Jose Luis Talamillo ziren. Baina Barrutiak erakutsi zuen sasoi ederrean zegoela, eta hark gurutzatu zuen Iturripeko helmuga lehenengo postuan. Miguel Urkizarrek hirugarren postuan egin zuen ia lasterketa osoa, baina aldagailua hautsi zuen, eta Alfredo Irusta izan zen podiumera igo zen hirugarren gizona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak