Lehen zatian gernikarrek entsegu bat egitea lortu dute, eta zuri-moreek, berriz, aldeko bi zigor kolpe dituzte, biak sartu dituztelarik.
Aurkariek aulkian aldaketa bakarra zeukaten gaurkoan, eta Arrasatekoek, berriz, hiru. Gainera, kanpokoen jokalari batek lesioa izan du, eta norgehiagokaren zati handi bat justu hamabost jokalarirekin jokatu behar izan dute. Etxekoek abantaila hori ondo aprobetxatzen jakin dutela nabarmendu du Isasi entrenatzaileak, eta bigarren zatian batez ere, taldea konfiantza handiarekin aritu dela.
Hala, guztira lau entsegu egin dituzte gaur arratsaldeko partiduan, Josebak bi eta Aitor eta Iñigok bana. Hala, jokalariak eta entrenatzailea "pozik" itzuli dira aldageletara.
Denboraldi berria
Datorren asteburuan Zarautzen jokatuko du Arrasate Rugby taldeak. Garaipenaren bila joango dira bertan ere, noski. Hala ere, Isasik nabarmendu du oraindik goizegi dela taldeari denboraldi berrirako helburuak finkatzeko. Iaz lehen postuan amaitu zuten arren, "taldeak urtez-urte asko aldatzen dira", dio, eta orain aurkariei eta txapelketari neurria hartzeko momentua da bere esanetan.