Berez, goiko kategorian lehiatzeko asmoa zeukan Kanpanzar Arrasate aurrealdean ibiltzera derrigortuta dago. Isasik berak garbi dauka hori: "Nahiz eta aurrean ibiltzeko gauzak ondo egin beharko ditugun. Izan ere, hainbat talde izango gara maila antzerakoaz, iaz moduan". Hala ere, entrenatzaile bizkaitarrak garbi dauka lehenengo helburua lehen fasean talde onenekin egotea izango dela, eta hurrengo fasera sailkatzea. Eta, fase erabakigarrian, ahal den neurrian, aurrean ibiltzea: "Ostera ere kamioira igo eta zer ospatu izateko".
Aurrean ibiltzeko nahiaz
Hala, Kanpanzar Arrasatek 2. Mailako B multzoan jokatuko du, eta ondorengo kontrarioak izango ditu aurrean: Txingudi, Gaztedi B, Zarautz B, Gernika B, Arratiko eta Nerbioi. Denboraldiko lehen fasea liga erregularra izango da, eta bi multzo izango dira. Hala, bi multzo horietako bi talde onenek aurrera egingo dute, fase berri bat osatuz.Bertan lau taldetako hiru multzo izango dira, eta beste bat hiru taldetakoa.
Hala, bigarren fase horretan ere talde bakoitzak seina partidu jokatuko ditu. Eta fase horretako txapelduna zuzen igoko da mailaz, eta bigarren sailkatuak playoff kanporaketa gainditu beharko du. Hala, Kanpanzar Arrasateren benetako lekua goian dagoela erakusteko modu onena izango da aurten ere txapeldunaren txapela janztea, eta hala ez bada, mailaz ez igotzeko hartutako erabakia ondo hartutakoa izango da.