"Arrasaten izanda, ezinbestekoa da ikuskizuna disfrutatzeko aukera euskaraz eskaintzea publikoari. Gure iniziatiba izan da eta lehentasuna eman gura izan diogu euskarari. Gazteleraz bai baina euskaraz ere itzulpenak egotea ezinbestekoa dela iruditzen zitzaigun", azpimarratu du.
Itzultzeko konpromisoa
"Errekurtso txikiak ditugun arren gure erabakia izan da itzulpenekin aurrera egitea. Udalari laguntza eskatu diogu, baina, eman edo ez eman, dagoeneko Belaxe Arrasateko enpresak itzulpena egin du. Belaxetik horrelako testua itzultzea erronka bat izan dela eta gustura hartu dutela lana esan digute".
Erabaki tinkoa hartu du Ozenkik eta aurrerantzean, gazteleraz gain, euskaraz opera jarraitzeko aukera izango da Amaia antzokian.
'Marina'
Emilio Arrieta nafarraren lana da Marina. "Obra gutxi daude gazteleraz baina Marina gaztelerazko lana da eta euskarazko azpitituluekin jarraitzeko aukera izango dute opera zaleek lehenengoz Amaian". Hala, urriaren 31n, zapatua, 20:30ean izango da emanaldia.
Sarrerak martxa onean
Manu Gallardok sarrerak erritmo oso onean saltzen ari direla azaldu du: "Dagoeneko sarreren bi herenak salduta daude; oraindik baina, interesa duenak badauka aukera sarrerak lortzeko". Ohiko bideak erabili daitezke erosteko: www.arrasate.eus Udal webgunean, Kutxabank-en, Amaia Antzokiko leihatilan eta ozenkielkartea@hotmail.es helbidera mezua bidalita eskuratu daitezke. Aukera guztietan prezioa 30 euro da, hain zuzen ere.