Maritxu Kajoi

Maritxurekiko debozioak hartuko ditu kaleak gaur, fededun dotoreenak batuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko urr. 2a, 08:37

Heldu da eguna, gaur Maritxu Kajoi da Arrasaten. Euritsu esnatu da eguna eta iragarpenek diote euria izango dela protagonista gaur. Hala ere, eguraldiak ez du arrasatearren festa gosea zapuztuko. 1977a ezkero arrasatearren ama birjinarik maitatuena denaren omenez, haur, gazte zein heldu dotore-dotore jantziko dira. Kuadrillak mahaiaren bueltan eseriko ditu Maritxuk eta Komisiñuak gogora ekarri die "izugarri" eskertzen duela loreak jasotzea. Eskapularioaren mezuak gaur bertan Bergarara helduko den Emakumeen Mundu Martxarekin egin du bat aurten. 

Bestalde, argazki lehiaketarik ere ez da faltako; Artgazki elkarteak hartu du antolatzeko ardura, eta erretratuak lehiaketak@artgazki.org helbidera bidali behar dira. Informazio guztia: www.artgazki.org

Nobenaixuak berotu zuen festa 

Nobenaixuak ederto berotu zituen motorrak joan den egubakoitzean. Santa Ageda abesbatza omendu zuen Maritxu Kajoi Komisiñuak "urteetan zehar herriaren alde" egindako lanagatik: "Koroa omentzea aspaldi genuen buruan, baina aurten izan dugu horretarako aukera. Polita izan da eurendako eta guretako", esan zuen Komisiñoko Olaia Muruak. Abesbatzaren sortzaileetako bat izan zen Eugenio Gallastegiri eman zioten inbutu preziatua: "Banekien zer izango zen eta lasai nengoen horregatik. Hala ere, gonbidapena ez nuen espero, eskerrik asko!", zioen omenaldia jaso berri. Ondoren Santa Ageda abesbatzako kideek zenbait pieza abestu zituzten jendaurrean. Eta nola ez, ardoa eta gazta jarri zituen Maritxuk gura zuten guztiendako. 

'Photocall'-a aurten ere

Aurten ere photocall-a jarriko du GOIENAk Herriko Plazan, 13:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Argazkiak www.goiena.eus atarian kaleratuko dira gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak