Azaroaren 1etik aurrera jarriko dute martxan Arrasaten sinisten dugu kanpaina. Ekimenarekin bat egiten duten saltokietan kutxatila batzuk jarriko dituzte edozein pertsonak, egiten duen erosketa bakoitzeko, 1.000 euroko zozketa batean parte hartu ahal izateko. Saria, kanpainari atxikitako komertzioetan kontsumitu beharko da. Horrez gain, beste 1.000 euro zozkatuko dira parte hartzen duten saltokien artean. Azken zozketarako baldintza da komertzioak Sabadell bankuko bezero izatea.
Asier Bengoak adierazi duenez, kanpainaren helburu nagusia merkataritzaren "sustatzaile eta bultzatzaile" izatea da, eta, horretarako, "salmentak igotzen lagundu" behar dela.
Udaletik babesa
Arrasaten sinisten dugu Sabadell bankuak eta Udalak zuzenean eginiko lana da. Ibaiarte Arrasateko Merkatari elkartea ez dago ekimenaren barruan. Maria Ubarretxena alkateak, Udaletik herriko komertzioa sustatzeko egiten diren ekintza guztiei babesa emango diotela adierazi du, "bai herritik sortutakoak, bai kanpokoak, komertziorako onak" diren bitartean.
Aurretik hainbat herritan egindako kanpaina da Arrasaten aurkeztu dutena. EAEko hiru hiriburuetan eta Eibar edo Bergara bezalako herrietan aurrera eraman da kanpaina. Ikusitako arrakastaren ondorioz jarri da martxan Arrasaten sinisten dugu.
Kutxatilak azaroaren 1etik 30era bitartean jarriko dira, eta zozketak abenduaren 15ean eta 20an egingo dira.