Herriko Plazatik abiatu da manifestazioa Herriak libre, Askapena aurrera leloa irakur zitekeen pankarta aurretik. Seber Altube, Otalora lizentziatua kalea, Arbolapeta, Abaroa, Seber Altube eta Herriko Plaza izan da ibilbidea. Tarte horretan epaiketaren kontrako oihuak entzun dira, baita ere zenbait ekintza ikusi ere. Besteak beste, NATOren izena zeraman kartela apurtu dute Seber Altuben, eta Hassanna Aalia gazte sahararraren mezua entzun dute Arbolapetan. Manifestazioa Santander eta BBVA banketxeen paretik pasa denean, berriz, bi txanodunek kartelak itsatsi dituzte hormetan.
Manifestazioa Herriko Plazan amaitu da. "Herriak erantzun bat ematea nahi dugu, presentzia eskatzen dugu kalean", adierazi du Josu Zugasti arrasatearrak. "Beste ilegalizazio bat etor daiteke. Iritsi dadila Madrilera, epaiketa hori eramango duten Estatuko indar faktikoengana, gobernura eta Audientzia Nazionalera herritar antolatuen ahotsa".
Urriaren 12an, manifestazioa Iruñan
Urriaren 12rako "herri epaiketa" deitu dute Iruñan. Debagoienetik ere autobusak antolatuko dituztela adierazi dute gaur. "Iruñako manifestazioan salatuko ditugu Euskal Herriaren kontrako estrategian Espainiar Estatuak egin dituen barrabaskeri guztiak. Ohartu behar dugu Euskal Herriak badituela arrazoiak Espainiar Estatuaren estrategia hori epaitzeko".