'Tú al Norte y Yo al Sur' ETB2ko saioa aurkeztu dute Al-Andalus kulturgunean

Xabier Sanchez 2015ko ira. 18a, 14:26
'Tú al Norte y Yo al Sur' saioko lehiakide batzuk, Reyes Prados, Gorka Aginagalde eta Xabier Zabaleta Al-Andalus kulturgunean.

ETB2 kateko programa berriaren aurkezpena egin dute gaur 11:00etan Arrasateko Al-Andalus kultur zentroan. Estreinaldiaren harira, saioko hainbat lehiakide, Reyes Prados aurkezlea, Gorka Aginagalde (Allí Abajo) kolaboratzailea, Xabier Zabaleta, Pausoka ekoizpen taldeko kidea eta Edu Barinaga, ETBko zuzendaria, bertaratu dira.

Astelehenean estreinatuko den Tú al Norte y Yo al Sur ETB2 katearen realityak, euskaldun eta andaluziarren artean dagoen alde kulturala baliatuz eta lehiakideei hainbat proba jarriz, "andaluziarrik euskaldunena eta euskaldunik andaluziarrena" topatzeko helburua izango du. Saioaren aurkezpenerako, Arrasateko Al-Andalus elkartea aukeratu du ETBk, Ocho apellidos vascos filmaren hainbat eszena grabatu ziren tokia.

Aipatutako Ocho apellidos vascos eta Allí abajo moduko lanen arrakasta jarraituz sortu dute lehiaketa Pausoka eta Secuoya ekoizleek. Andaluziako zortzi lehiakide eta beste zortzi euskaldun lekuz aldatuko dira. Andaluziarrek bi aste eman dituzte Getarian, eta euskaldunak, bestalde, Malagako Ardales herrira bidali dituzte. Lehenek, Gorka Aginagalde izan dute gidari Getarian zehar eta euskaldunek Natalia Roig aktorea Ardalesen.

(Argazkia: Lehiakide batzuk, Reyes Prados, Gorka Aginagalde eta Xabier Zabaleta aurkezpenean)

Xabier Zabaleta, Pausokako kideak esan duenez, "programak, lehiakide eta herrien arteko interakzioa bilatzen du". Lehiakideek, bertako ohiturazko probak gainditu beharko dituzte aurrera egiteko. Giza probak, sega, pilota, olibondoak makilaz astindu edo traineruak izango dira saioan agertuko diren jardueretako batzuk. "Topikoak gainetik kentzeko asmoa" eta "herrien arteko zubiak eraikitzeko nahia" dagoela aitortu du Gorka Aginagaldek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak