Bederatzi pertsonaz osatutako taldea da Priscilla Band, eta funky musika eta soula uztartzen ditu. Hamar urtetako ibilbidea daukate jada, eta crowdfunding-ari esker ekoitzitako Xalala Kale izeneko disko berria aurkezten dihardute orain, haien bigarren LPa, hain zuzen.
Kooltur taldeko antolatzaile Iker Barandiaranek adierazi duenez, taldea ekimenaren hastapenetan Arrasaten izan zen, eta gustuko izan zutenez, bueltan ekartzea erabaki dute. Urriaren 1ean festa eta dantza egiteko aukera paregabea izango da, beraz, Arrasateko Gaztetxean.
Urriko kontzertuak
Hurrengo astean ere hitzordu potoloa izango da Kooltur-en;. izan ere, Señor No talde beteranoak disko berria atera du, eta aurkezpen birako lehen kontzertua izango da Arrasatekoa.
Urriaren 15ean, berriz, Australiatik datorren rock talde bat izango da taula gainean, Midnight Scavengers, hain zuzen.
Hilaren 22an, aldiz, Porco Bravo bizkaitarrak eta haien "rocka eta izerdia" izango dira ikusgai. Kooltur-era datozen bigarren aldia izango da aurtengoa.
Bukatzeko, Glaukoma eta Bad Sound System taldeetako kideak bat eginda ikusteko aukera izango da, Glaukoma ta Bad Sound izenpean. Talde biek elkarlanean burututako proiektu berriaren aurkezpen biraren baitan egingo dute aipatutako kontzertua. Urriaren 29an izango da hori.
Ikasturterako helburuak
Barandiaranek azaldu du iazko edizioko eskema bera mantendu dutela aurtengo edizio berri honetan, eta helburua ere bera izango dela; hau da, "Arrasaten kultur eskaintza handitzea" eta astero-astero kalitatezko ikuskizunak antolatzea prezio onean.
Antolatzaileak nabarmendu du kontzertuak aste barruan direnez eta hurrengo egunean jende askok lanera joan behar duenez, puntualitatea errespetatzen saiatuko direla, orain arte bezala.