Iker Piris buru duen The Romanticos taldeak egubakoitz iluntzea girotu zuen. 60 bat lagun elkartu ziren orduan eta elkartutakoek blues doinuen gozatu ederra hartu zuten.
Zapatuan, ostera, gehiago izan ziren Kulturaten elkartutakoak, 100 bat lagun. Askok ez zekiten zelako kontzertua ikustera zihoazen, eta sorpresa galanta hartu zuten goi mailako bikotearekin topo egin zutenean. Andaluziatik etorritako Antilopezek musika ona, umorea eta ironia bateratzen dituen ikuskizuna eskaini zien, eta benetan giro polita sortu zuten aretoan. Gustura baino gusturago ikusleak, behin baino gehiagotan eskatu zizkioten kantuan jarraitzeko.
Antolatzaileak pozik
Kulturate Akustikoen zazpigarren aldia izan da aurtengoa eta antolatzaileak pozik daude herritarren aldetik jasotako erantzunarekin: "Arrasaten, dagoeneko, errotuta dagoen ekimena da. Aretoa ia beteta egon da egun askotan, hortaz, gustuko den seinale".