Helena Orkoien soprano tolosarra izango da Marina, aita galdu eta Jorge kapitainaren etxean bizi den emakumea. Kapitainarena, berriz, Luis Alberto Giner tenor madrildarrak egingo du, eta Andres del Pino baritonoak eta Jesus Lumbreras baxuak osatuko dute pertsonaia nagusien taldea.
Ikuskizunaren dekoratuek, jantziek eta attrezzoak Lloret de Marko portura eramango dute ikuslea, eta bertan ezagutu ahal izango ditu Marinaren eta Jorge kapitainaren arteko amodio ezkutuaren gorabeherak.
Donostiako Lirika orkestrak jarriko dio musika operari, Arkaitz Mendoza zuzendariaren gidaritzapean. Antolatzaileen hitzetan, "ez da ikuskizunik faltako" Amaiako oholtza gainean, eta, euren ustez, musika-zaleek "ezin dute galdu" Arrietaren obra ikusteko aukera.
Sarrerak salgai
Sarrerak Amaia antzokiko leihatilan, Kutxabanken, Udalaren webgunean edo Ozenki elkartearen helbide elektronikora (ozenkielkartea@hotmail.es) idatzita lor daitezke, 30 eurotan.