Gaur The Romanticos taldea igoko da oholtza gainera; Iker Piris gitarra jole ezaguna gidari dutela, blues eta rhythm & blues doinuak eskainiko dituzte, swing eta funky doinuekin lagunduta, besteak beste. Taldea 2009an sortu zutenetik hainbat emanaldi eskaini dituzte, jaialdi entzutetsu askotan parte hartuz. 2012ko ekainean argitaratu zuten lehen lana Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin, eta iaz bigarren diskoa kaleratu zuten zigilu berarekin, Do it yourself izenekoa.
Bihar, zapatua, Andaluziako Antilopez bikoteak "kontzertu bat baino gehiago" eskainiko du. "Chiripopa" egiten dutela diote, umorea eta ironia nahastuz, eta gitarra bana eskuan. Euren ahots ederrekin, berbetan zein kantuan, ikuslea ez dute axolagabe utziko.
Kulturate Akustikoen zazpigarren edizioarekin amaitzeko, Bilillo y los sullos laukoteak pop eta rock doinuak eskainiko ditu domekan. 1980ko hamarkadan Bilboko pop giroko Los Santos talde erreferenteko abeslaria da Bilillo.