Helena Orkoyen soprano tolosarra Marinaren paperean eta Luis Alberto Giner tenore madrildarra Jorgerenean direla, bakarlari zerrenda luzeak esku hartuko du emanaldian. Eurekin batera, paper garrantzitsua jokatuko dute Andres del Pino baritonoak eta Jesus Lumbreras baxuak ere; madrildarrak biak. Hainbat aktorek ere esku hartuko dute eta baita Svitlana Biryukek zuzendutako Sasibill abesbatza donostiarrak ere. Musikaz Donostiako Orkestra Lirikoa arduratuko da, Arkaitz Mendoza maisuaren gidaritzapean, eta eszenako zuzendaria Josean Garcia izango da. Dekoratuak Carvalhorenak izango dira; jantziak, Peridisenak; eta atrezzoa Mateosena.
Marina operak Kataluniako kostaldera eramango du ikus-entzulea, Lloret de Marrera; bertako portuan garatuko da istorioa. Eta entzungai izango dira Costas las de Levante aria, Pensar en el erromantza, Dichoso aquel que tiene habanera edota brindis herrikoiko A beber, a beber y apurar.
Sarrerak non erosi
Sarrerek 30 euro balioko dute. Amaia antzokiko leihatilan, Kutxabanken, Udal webgunean edota elkartera idatzita erosi ahalko dira (ozenkielkartea@hotmail.es).