Asteburu honetan hasi dira Kulturate Akustikoak egitarauaren barruan antolatutako kontzertuak eta emanaldietan batu den jende kopurua ikusita, esan daiteke formatuak lortu duela interesa piztea. Egubakoitzean izan zen lehen kontzertua, Yaima Orozcoren eta Alfred Artigasen eskutik. Biak ere gitarra eskuetan, erritmo kubatarrak eta jazza nahastu zituzten eta azpimarratzekoa da Orozcok abesteko orduan erakutsitako gozotasun sendoa.
Atzo bestalde, doinu gogorragoen txanda izan zen: Pettiren rocka. Nafarra ez zen bera bakarrik igo taula gainera, Igor eta Iñigo Telletxearekin baizik eta hainbat abestitan Osoron arrasatearraren laguntza ere izan zuten. Ia guztiz bete zen Kulturateko areto nagusia, eta entzuleek, Berakoak iaz kaleratu zuen Astirtitan izeneko diskoko abestiez gain, doinu zaharragoez eta moldaketez ere gozatu ahal izan zuten; esaterako, Erramun Martikorenaren Xoriei mintzo zen abestiaren bertsioaz.
Gaur, domeka, Oiartzungo John Berkhout taldea izan da Kulturateko agertokian aritu dena eta soinu zainduarekin, ahotsekin eta instrumentuekin jolastuz, entzulearen zentzumenei zuzenean hitz egiten diete. Oarsoaldekoek disko bakarra dute kalean eta Arrasaten jo dituzten abesti gehienak taldearenak izan arren, bertsiorik ere eskaini dute; Feisten The bad in each other piezarena, adibidez.
Beste hiru kontzertu
Datorren astean izango da Kulturate Akustikoen bigarren eta azken txanpa. Egubakoitzean The Romanticos hirukoak joko du; zapatuan, Antilopez bikoteak; eta domekan, Bilillo y los sullosek. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira.