Erdiguneko komertzioek denden kanpoaldean jarriko dituzte ikusgai haien produktuak, eta inguruko auzoetako dendariek, aldiz, Olarte kalean eta Biteri plazan instalatuko duten karpa-gunean.
Egunean zehar, animazioa
Ibai-Artekok kideak ez dira, ordea, produktuak kalera ateratzera mugatuko, eta eguna girotzeko egitarau berezia prestatu dute.
Goizean zehar, hamaiketatik eguerdiko ordubata bitartean, batukada izango da Sambaña taldearen eskutik. Arratsaldean, aldiz, buruhandiak eta Erraldoi eta Kilikien konpartsakoak ibiliko dira kalean zehar 17:30etik 19:00ak bitartean.
Komertzio berdearen astea
Irailaren 16an hasi eta 22ra bitartean Merkataritza Berdearen astea ospatuko dute herrian. Udalak antolatzen duen Mugikortasun astearen baitan kokatzen da ekimen hau, eta kontsumo arduratsua bultzatzea du helburu.
Hori dela eta, Arrasate txartelarekin erosten dutenen artean Jakion produktu ekologikoen 70 lote zozkatuko dituzte Ibai-Artetik. Irailaren 19an (13:30) banatuko zaizkie sariak irabazleei San Frantzisko elizan.
Bestalde, merkatarien elkarteko bazkideek birziklatutako materialekin apainduko dituzte haien denda eta erakusleihoak, eta bertan salgai dauzkaten produktu ekologikoak erakutsiko dituzte.