Kostata, suhiltzaileek atera behar izan zuten auto barrutik eta ospitalera eroan zuten anbulantzian osasun zerbitzuek. Hasiera baten, ez zuen konorterik galdu. 12:35ean gertatu zen istripua, Herrizaingo Sailetik adierazi dutenez. Arratsaldeko lehen orduan hil zen, Arrasateko Eskualde Ospitalean.
Istripua dela-eta errepidea itxita egon zen 14:00ak arte, bi noranzkoetan, ertzainek eta perituak atestatua egin, garabiak autoa erretiratu eta bidea libre geratu zen arte.
Arrasate Errugbi Taldean
Sebastian Gorosabelek emaztea eta semea utzi ditu. Oso ezaguna zen herrian, besteak beste, Arrasateko errugbi taldeko jokalari izana zelako, eta elkartearekin kolaboratzen zuen sarri. Donostiako Bera Berako jokalari ere izatera heldu zen eta Euskal Selekzioaren elastikoa ere janzteko aukera izan zuen. Gertaerak mina eta atsekabea sortu du Arrasaten. Haren hileta elizkizunak atzo egin zituzten San Juan Batailatzailearen parrokian.
Kolpe latza izan da senideendako ez ezik herriko errugbi zale guztiendako ere. Ez bakarrik herrikoendako. "Donostiatik, Bera Beratik, dolumin mezu ugari jaso ditugu" dio Patxi Gorosabelek, hildakoaren lehengusuak eta haren moduan errugbi taldean ibilia denak. Una gogor hauek pasa ostean, omenaldiren bat antolatzeko asmoa dutela ere aurreratu du. Beteranoek aldiro elkartzeko ohitura badute eta halako bat baliatu nahiko lukete.