Kalitatezko musika doanik entzuteko aukera Kulturaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko ira. 4a, 08:00

Askotariko musika estilo eta jatorritako sei kontzertu izango dira gaur hasiko den Kulturate Akustikoak egitarauaren barruan.

Bi asteburutan banatuta, asteburu bakoitzeko hiruna emanaldi antolatu ditu zazpigarrenez Udaleko kultura sailak; horiek guztiak, Kulturateko areto nagusian (20:00) izango dira, eta doan.

Formatu txikian baina kalitatez

Helburu xumearekin hasi ziren eta horrela izaten jarraitzen dute oraindik ere Kulturate Akustikoko saioek, Karmelo Alberdiren  kultura teknikariaren esanetan: "Asmoa ez da areto handiagoetara eramatea, kontua da kalitatezko musika eskaintzea, sarritan herrietan programatzen ez diren estiloei lekua eginez. Etortzen den jendeak oso ondo pasatzen du, eta egia esan, sei urtetan kontzertu ikaragarriak ikusi ditugula. Pentsaera horrekin etortzeko proposatuko nieke herritarrei, hau da, gauza berriak entzuteko gogoarekin etortzea".

Estilo ezberdinak ekartzen eta urtero talde ezberdinei lekua egiten saiatzen direla dio Alberdik. "Yaimaren kasua berezia da, orain lau urte gurean izan zen-eta La Banda del Peporen telonero moduan. Bakarrik etorri zen orduan, bestelakoa da, beraz, oraingo proposamena.  Horrez gainera, Petti ere Arrasaten jo izandakoa da baina bakarlari moduan edo beste musikari batzuekin egindako proiektuekin eta ez oraingoan moduan, bere abesti eta taldearekin".

Jarrita gozatzeko emanaldiak

Aulkiak jartzen dituzte lasai entzuteko musika delako, ez diote inori baina, dantzan egitea galaraziko; 140 lagun ingururendako tokia dago. 11.000 eurotako aurrekontua du aurtengoak.

Egitaraua

-Yaima Orozco eta Alfred Artigas. Irailak 4, 20:00 Musika kubatarra jazzarekin ezkonduta da Orozco koblakariak eta Artigas jazz-musikariak dakartena. Adituen esanetan, xalotasunetik eta zintzotasunetik abiatuta, hunkitzen duen musika egiten du orain bi urte sortu zen bikoteak.

-Petti. Irailak 5, 20:00 Amerikar sustraiak dituen rocka egiten du Berako eskarment u handiko bakarlariak. Erraietatik ateratzen duen ahots urratu eta sakona, eta gitarra jotzeko trebezia ditu, besteak beste, ezaugarri. Laukote formatuan egingo du biharkoa, Osoron (Gose) arrasatearra eta Iñigo eta Igor Telletxearekin.

-John Berkhout irailak 6, 20:00 Oiartzungo bost gaztek osatzen duen taldeak, natura, nostalgia eta zentzumenak uztartuz, folk, rock, psikodelia eta indie musikaren ildotik egindako bidaia proposatzen du. Estatu Batuetako 70. hamarkadako musikaren erreferentzia zuzena da.

-The Romanticos. Irailak 11, 20:00 Iker Pirisek gidatutako hirukoteak, bluesa du ardatz nagusi, besteak beste, funky, swing eta Rythm &Blues estiloekin nahastuz. 2009. urtean sortutako taldeak emanaldi asko egin ditu eta bi disko kalean; Do it yourself, iazko urrikoa.

-Antílopez. Irailak 12, 20:00 Andaluziatik datorren bikoteak, musika emanaldi hutsa baino, umorea eta musika batzen dituzten ikuskizunak egiten ditu. Gitarra bana eskuetan eta duten ahots ikaragarriekin, batzuetan berbetan, eta beste batzuetan kantuan, saio berritzailea dakarte Arrasatera.

-Bilillo y los Sullos. Irailak 13, 20:00 80. hamarkadako Bilboko pop giroko Los Santos talde ikurreko abeslaria da Bilillo; orain lauzpabost urte sortu zuen haren ildotik oso gertu dagoen pop-rock estiloko proposamenak borobilduko du Kulturate akustikoaren zazpigarren edizioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak