IK4ko lehendakari berriak IK4-IKERLANen hasi zuen ibilbidea. 15 urtez jardun zuen han, eta Kontseilu Errektoreko kide ere izan zen. Ondoren, Produktu Garapeneko zuzendari izan zen Goizper kooperatiban, eta Olaker, Goizperreko I+Gko unitatea, jarri zuen martxan. Handik lau urtera, Oronan hasi zen eta han berrikuntza teknologikoaren alorra garatu zuen: Orona eic, I+Gko unitatea, sortu zuen. Gaur egun, Oronako Korporazio, Sustapen eta Marketineko zuzendaria da, eta IK4-IKERLANeko lehendakaria.
Aldaketak zuzendaritzetan
Euskadiko aliantza teknologikoaren zuzendaritza-organoetan hainbat aldaketa egin dira. Lehendakari berriaz gain, lehendakariorde berria ere izango du: Iñaki Otaño (IK4-LORTEK). José Miguel Erdozainek jarraituko du zuzendari nagusi izaten.
Iñaki Otañok, berriz, Mondragonen egin du bere ibilbide profesionala: talde enpresarialaren lehendakariorde izan zen, eta haren nazioartekotzea bultzatu zuen. Gaur egun, IK4-LORTEKeko lehendakaria da.