Lore Gazteak taldeak eman zion hasiera jaialdiari eta 50 urteko ibilbideko kideak izan ziren oholtza gainean, belaunaldi ezberdinetako jendea. Guztira bederatzi dantza egin zituzten eta 40 minutu iraun zuen erakustaldiak.
Taula gainera igo ziren 70 dantzariek; agurra, banakoa, fandangoa, sorgin dantza… bezalako dantzak egin zituzten besteak beste, Txulalaiarekin amaituz. Dantzari beteranoek berriz, oholtzara igo barik, Monterron parkeko belardian egin zuten dantza.
Serbiarren ospakizun dantzak
Serbiatik 40 dantzari eta bost musikari etorri ziren. Guztira zortzi kantu eskaini zituzten. Sei dantza, pieza instrumental bat, eta kantatutako abesti bat. Biolinaren, kontrabaxuaren, akordeoiaren, danborraren eta zeharkako flautaren doinuen gainean, hainbat zonatako dantzen erakustaldia egin zuten.
Herri eta zonalde ezberdinetako dantzak ekarri zituzten Arrasatera, eta beste era bateko ospakizun dantzak ikusteko aukera izan zen. Guztiak maitasunarekin lotura handia zutenak.
Leku aldaketa egin barik
Hasiera batean eguraldi txarra eginez gero, Amaia Antzokian izatekoa zen emanaldia, baina tresneria guztia lekuz aldatzen ibili beharrean, Monterronen egitea erabaki zuten. Hala eta guztiz ere, jende asko bertaratu zen eta aterki azpian egon arren, bukaera arte geratu ziren emanaldiaz disfrutatzen.