1996 urtean ekin zieten egungo indusketei, Alvaro Arrizabalaga, EHUko Historiaurreko irakasle eta Aranzadiko kidea, buru lehen egunetik. Espero baino gune oparoagoa aurkitu dute arkeologoek Lezetxikin eta nabarmentzekoak dira Behe-Paleolitikoko gizaki baten humeroa eta Homo Sapiens baten baraila pusketa baten aurkikuntzak. Aurten 200.000 urteko hartz hezurrak eta tresneria topatu dute.
Udal ordezkaritzak arreta handiz hartu ditu arkeologo eta boluntarioen azalpenak. Alkateak berak balorean jarri gura izan du indusketa gunea, "gutxi ezagutzen" dela irizten baitio Maria Ubarretxenak eta garrantzi handiko lana egiten dela azpimarratu gura izan du gaurko bisitaldian.