Arrasateko biktima "guztien" agiri informatiboa helarazi dio Jaurlaritzak Udalari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 20a, 17:07

Euskal gatazkak Arrasaten eragin dituen biktimen gaineko txostena eman dio gaur Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok Maria Ubarretxena alkateari: "Uste dugu biktima guztiek behar dutela errekonozimendua eta badakigu oso gai sentsiblea dela. Gustatuko litzaiguke gai honetan aurrerapausoak egitea, talde politiko guztiekin", adierazi du alkateak. 1960tik 2010era bitartean EAEn eman ziren 707 hilketen gaineko informazioa biltzen du memoriak. 

Arrasaten ETAk eraildako zortzi biktimen, GALek eragindako bost hildakoen eta indar polizialek eragindako beste biktima baten argazkiak jasotzen ditu agiriak. Horrez gain, "bestelako egile batzuek" eragindako biktima bat eta argitzeke dauden hiru kasu ere jasotzen ditu agiri horrek.

"Bada garaia urratsak ematen hasteko"

Ubarretxenak uste du badela garaia biktimen errekonozimenduaren gaian aurrerapausoak emateko: "Kooperazioan eta elkarlanean oinarritutakoa izan behar da. Urratsak oso astiro eman beharko ditugu eta denon arteko adostasunarekin. Agiri hau oinarri bat da, Arrasateko argazkia, eta hori garrantzitsua da. Biktima oso ezberdinak agertzen dira dokumentuan, baina argi utzi gura dut ez direla inorenak. Biktimak biktima dira, eta guztiek behar dute errekonozimendua. Pentsatzen dut badela garaia gai horren gainean urratsak ematen hasteko".

Liburuxka hori "Arrasaterena" dela dio Ubarretxenak, "guztiona", eta gogoratu du Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunean egongo dela kontsultatzeko moduan "hurrengo egunetan". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak