Bertako baserritarrei egiten duten lanagatik eskerrak ematea eta sormenarekin azoka erakargarriagoa egiteko helburuarekin etorri dira gaur Seber Altube plazara Garaion Natur eskolakoak. Begiraleek, sandia atalekin bihotz erraldoi bat egin dute eta haren inguruan haurren laguntzarekin askotariko barazkiekin egindako loreak gaineratu dizkiete. "Loreak direlako guri jaten ematen digutenak. Eskulana egin ondoren, azokan bertan erosi ditugun barazkiak prestatu ditugu elkarrekin jateko. Laguntxo asko animatu dira parte hartzera eta denon artean lora politak egin ditugu" kontatu du Eneritz Ibarrak, Garaion Natur eskolakoak. Ondoren
Udal ordezkariak, gustura gaurko emaitzarekin
Marga Garmendia, Udaleko Enplegu eta Garapen saileko teknikariaren esanetan eskaintza zabala eta polita izan da gaur ere eta bertaratu direnek harrera ona egin diete Debagoieneko Mankomuniatearekin batera antolatu duten tailerrari.
Abuztuan ez da azokarik izango; irailean egingo dute hurrengoa, tomatearen ingurukoa izango dena.
Herriko txistulariak eta emakumeak ere bai
Uztaileko hirugarren zapatua ondo gordeta dute herriko txistulariek euren agendatan; beste urte batzuetan moduan, Txistulero eguna ospatzen ari dira gaur. Erdiguneko kaleetan zehar kalejira egin ostean, Seber Altube plazan ere hainbat pieza jo dituzte. Elkarrekin bazkaldu dute gero, parrandan jarraitzeko asmoarekin.
Arrasateko hainbat emakume taldeetako ordezkariak ere Seber Altube plazan ziren, urrian Debagoienera helduko den Emakume Mundu martxaren inguruko materiala saltzen eta informazioa zabaltzen. Uztailaren 22an, eguaztena, Kulturateko areto nagusian bilera irekia egingo dute; lagundu gura duten guztiei egin diete bertaratzeko gonbidapena.