Igerileku ertaina zabalik dago berriro, oso jendetsua izaten ari den udako kanpainan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 16a, 17:25

Igerileku txikia eta ertaina jendez beteta, uztailaren 6an.

Uraren kalitatea zaintzeko hilero egin ohi diren analisietan, astelehen eguerdian jakin zuen Arrasateko Udaleko Kirol Sailak igerileku ertainean pseudomona aeruginosa deritzon bakteria agertu zela: "Ondorioz, 742/2013 Errege Dekretuak agindutakoa betez, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, igerileku ertaina itxi egin zen", adierazi dute Udaletik. Gaur goizean ireki dute berriro. Bestalde, ekainaren 20an zabaldu zirenetik 18.000 lagunetik gora pasa dira Musakolako igerilekuetatik. 

Ekainaren 30a izan zen erabiltzaile gehien pasa zen eguna. Egun horretan 1.821 pertsona hurbildu ziren Musakolako igerilekuetara, Udalaren arabera: "Aldiz jende gutxien erakarri duen eguna uztailaren 12a izan zen, eta hala ere, 335 lagun hurbildu ziren". Bataz beste, eguneko 1.000 lagun inguru pasatu dira: "Instalazio horietan eguraldiak eragin zuzena du jendearen etorreran eta zorionez, aurtengoan, topera disfrutatzeko aukera eskaintzen ari da. Espero dugu horrela jarrai dezala, arrasatearrek kanpoko instalazioak aprobetxatu ditzaten".  

'Pseudonoma', ohiko bakteria

Pseudomona deritzon bakteria oso ohikoa da piszinetan. Harekin akabatzeko kloro bidezko tratamendu berezi bat egin zuten kiroldegiko langileek astelehenean bertan, biharamunean analisiak egiteko laginak hartu ziren eta analisiak egin ondoren, gaur goizean laborategitik baieztatu dute uraren kalitatea berriz ere egokia dela. Ondorioz, zabalik dago igerileku ertaina goizean goizetik. 

Aurrera begira, higienea zaintzearen garrantzia azpimarratu nahi die Udaleko arduradunek erabiltzaileei. Izan ere, bakteria hau pertsonetan aurkitzen da, gorputzeko eremu hezeenetan -beso azpiak, belarri zuloak, uzki ingurua…-, eta igerilekura iristen da bere gorputzean daraman norbaitek bertan bainua hartzeagatik. Bakteriaren agerraldia ekiditeko honako neurriak proposatu dituzte kiroldegitik: "Uretara sartu aurretik ondo dutxatzea, bainu jantziaren azpitik galtzontzilo edo kuleroak ez janztea eta kirola egiteko arroparekin uretan ez sartzea". 

Toboganak datozen egunotan

Iaz bi tobogan jarri ziren kanpoko igerileku handian, gaztetxoenen gozamenerako: "Baina ez zuten askorik iraun, izan ere, bi asteren buruan apurtzen hasi ziren eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan ez jartzeko, erretiratu egin ziren". 

Datozen egunetan berriz ere tobogan berriak jarriko dira: "Udalak bereziki eskatzen die erabiltzaileei erabilera zuzen eta egokia egin dezatela, kartelek eta sorosleek diotena errespetatuz", gaineratu dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak