"Debagoieneko Landa Garapeneko bulegotik heldu zitzaigun proposamena eta baserritarren azokan txertatzea erabaki genuen. Sasoian sasoiko produktuen kontsumoaren aldeko sentsibilizazio kanpaina baten barruan, tailer edo ekitaldi berezi bat egingo dute Garaion elkartekoek. Interaktiboa izango da, bertaratzen direnek brotxetak eta bestelako jakiak prestatzeko aukera izango dute. Garaionekoek irudimen handia dute eta ziur gauza politak egingo dituztela", dio Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomikorako teknikari Marga Garmendiak.
Sasoian sasoiko produktuak kontsumitzeak duen garrantzia izango dute hizpide azokan beste behin, baina gaia beste era batera landuko dute. Besteak beste, artelan bat ere egingo dute.
Abuztuan azokarik ez
Biharko azokan hamazortzi postu egongo dira, ohiko kopurua. Arrasateko sei postu, hiru Debagoienekoak eta gainerako bederatziak kanpokoak; udako produktuak izango dira: "Arrasaten geratzen dena pasa dadila azokatik, goiza poztuko diogu-eta", esan du Garmendiak. Abuztuan ez da azokarik egongo, irailean bueltatuko da: "Tomatearen bueltan zerbait berezia egin gura dugu, dastatze edo erakustaldi bat. Espero dugu gure asmoa betetzea".