"Asko gustatzen zaigu futbola eta oso egun berezia da etenik gabeko futbol maratoia delako. Asko gozatzen dugu". Arrazoi horiekin azaldu du Mondrate taldeko Jonathan Rasok zergatik diren horren bereziak Zaldibarko 24 orduak. Bihar jokatuko da txapelketa, Mondrate areto futbol taldekoei esker. Izan ere, aurten eurek hartu dute ardura txapelketa antolatzeko beste inork antolatuko ez zuela ikusita: "Aurten gu konprometitu gara txapelketa antolatzeko eta, aldi berean, Mondrate klubarendako ere diru iturri interesgarria izan daiteke", dio Rasok.
14 talde hiru multzotan banatuta
Goizeko hamarretan hasiko da txapelketa eta Mondratekoek aurreikusi dute finala goizaldeko ordubietan jokatuko dela. Hamalau taldek eman dute izena eta horiekin hiru multzo egingo dituzte. Lehen multzoa lau taldekoa izango da eta hiru talde sailkatuko dira azken fasera. Bigarren eta hirugarren multzoetan bost talde egongo dira eta hiru onenak sailkatuko dira; hori bai, bigarren eta hirugarren multzoko laugarren onena ere pasako da azken fasera. Arauak Zaldibarko Futbito Txapelketako berberak izango dira eta urtero moduan, saririk ez da faltako.
Campusa, "ezin hobeto"
Bestalde, gaur amaitu da Mondrateren campusa. Uztailaren 1etik gaur arte 63 neska-mutikok hartu dute parte campusean eta areto futbolaz harago, denetariko ekintzak egin dituzte. Eguaztenean, esaterako, Eibar taldearen lehen entrenamendua jarraitu zuten bertatik bertara eta campuseko lehen egunean Mikel Gonzalez Realeko jokalariaren bisita izan zuten. Antolatzaileek balorazio "ezin hobea" egin dute eta euren asmoa da datorren urtean ere ekimena errepikatzea.