Arlabandik pantanora eta handik Aramaioko bidea hartzea zen plana, hango elkarte batean edalontziak eskuan hartu eta topa egiteko. "Jaiak dira Aramaion eta hango lagun batek proposatu zigun bere soziedadean egitea geldiunea. Handik Arrasatera etorriko gara berriz, elkarrekin bazkaltzeko", kontatu du goizean Mondrally Eguna antolatzen ibili den Jon Alkortak.
Arrasaten elkartu diren eskuterren jabe gehienak ezagunak dira lehendik ere, aurreko urteetan ere etorri izan direlako. "Gehienak ezagunak dira, bai, baina hainbat motor ezberdinak dira. Iruñeako mutil batek, esaterako, sidekarra ekarri zuen motorrari lotuta; gaur, ordea, tandem moduko bat ekarri du, Vesparen motorra duena", dio Alkortak.
Bazkal ostean sariak ere banatuko dituzte, esaterako, Arrasatetik urrunen dagoen tokitik etorri den eskuterrari, motor politenari eta baita motor eskasenari ere. "Sekulako barreak egiten ditugu", adierazi du Alkortak.